XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogorra egingo zaizu.

Ez naiz kexatzen.

Ez gaizki ulertu.

Betaurrekoak egokitu zituen.

Aitak alde egin zuen, umea nintzela.

Ama arduratu zen nitaz, bera bakarrik.

Bazegoen nahikoa diru amaren familian gu biok sustengatzeko, ni hazi artean, nik uste.

Gero, amak hipotekan jarri zuen etxea, lurrak saldu, eta motela eraiki zuen.

Harrezkero, elkarrekin gobernatu dugu motela, eta oso ondo joan zaigu... harik eta autobide berriak isolaturik utzi gaituen arte.

Egia esan, ama lehendik ere gainbehera zihoan, eta neuri egokitu zait berataz arduratzea.

Baina batzuetan ez da erraza.

Ez dago beste seniderik?

Ez.

Eta zu ez zara inoiz ezkondu?

Gizonari gorritu egin zitzaion aurpegia, eta mahai-zapiari begira jarri zen.

Maryk kosk egin zien ezpainei.

Barkatu.

Ez nuen galdera zuzenik egin nahi.

Ez dio axola.

Gizonaren ahotsa moteldu egin zen.

Ez naiz inoiz ezkondu.

Ama... berezi samarra zen... kontu horietan.

Inoiz ez naiz mahaira eseri emakume baten ondoan, orain bezala.

Baina...

Harrigarria dirudi, ezta?

Izan ere, garai honetan...

Badakit baina, hala izan da.

Neure buruari diotsot ama galdurik egongo litzatekeela ni gabe, tira... baina agian benetan hauxe gertatzen da, alegia, neu ere are eta galduago egongo nintzatekeela ama gabe.

Kafea edaten amaitutakoan, Mary zigarreta bila ibili zen poltsan, eta paketea Bates jaunari eskaini zion gero.

Ez, eskerrik asko.

Ez dut erretzen.